Anton Abbadia saria Tinkori
“Ametsak egitea beharrezkoa da, ametsik gabe ez dago etorkizunik; gainera, ametsak batzuetan bete egiten dira. Orain hamar urte areto komertzialetan zinema euskaraz ikusiko zela irudikatu genuen; hamar urte pasatu dira, eta ametsa bete egin da”- zioen Marianek saria eskuetan zuela.
Abbadia saria
Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko.
Beste saririk bada euskararen inguruan, baina gehienetan alor berezietakoak dira edo jende adituentzat eginak. Anton Abbadia sariak esparru zabalagoa hartzen du: euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jardunaren aitorpena da. Sariak gainera, giza alorrean egindako ahalegin isila onestu eta urte luzetako sustrai sakonez etorkizunerako eredu izan daitezkeen jokabideak sustatu nahi ditu.
